Sartu - ArabaLaneratzea
Gizarte-zerbitzuen sektorearen barruan dagoen elkarte honek marjinazioaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzea du helburu, gizarte-laguntzarako komunitate-zerbitzuen sareak eskaintzen duen zerbitzu publikoen barruan. Sare horren osagarri eta lagungarri izan nahi du, lankidetza eta kooperazio izpirituarekin.
Pertsonengan eta lan eta gizarte-inguruetan beharrezkoak diren aldaketak bultzatzea da bere helburua, gizarte-bazterketa egoerak murriztu edo desagerrarazteko. Horretarako, pertsonei laguntza ematen die, lan-arloan zein inguru pertsonal eta sozialean abantaila gehiagorekin mugitu daitezen. Harremanak egiteko gaitasun zein gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena sustatzen du, pertsona bakoitzaren ahalmen, aukera eta interes propioak oinarri hartuta. Sartu-Arabak esparru hauetan egiten du lan:
- Lan eta gizarte-arloko arreta, orientazioa eta laguntza
- Prestakuntza sozio-pertsonala
- Lanerako prestakuntza profesional ez arautua, enpresetan praktika osagarriak eginez
- Prestakuntza laneratzeko tekniketan
- Besteren konturako lanak lortzeko laguntza: lan-bitartekotza, laguntza
- Autoenplegu-prozesuak sortu eta mantentzeko laguntza
- Ekonomia sozial eta solidarioaren lan-egiturak sortzeko sustapen-lana, laguntza edota parte-hartzea
- Laneratze enpresen sustapena
- Komunitatea dinamizatu eta garatzeko prozesuen sustapena
Azken esparru horretan, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailaren laguntza eta bultzadarekin, Sartu-Arabak Gizarte Ekintza Boluntarioa Indartzeko Bulegoa sortzea proposatu du. Lurraldeko boluntarioei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei zerbitzu oso eta orokorra emango lieke bulego horrek. Horrez gain, orain arte Araban ez denez zerbitzu hori egon, Euskadin dauden boluntarioen beste agentziekin lotura ziurtatu nahi du (Bolunta Bizkaian eta Gizalde Gipuzkoan), bai eta gainerako federazioekin ere.