ALCER (Giltzurruneko Gaixoen Arabako Elkartea) Elkarte sozial eta komunitarioentzako laguntza
Alcer Araba gaixoen eta haien senideen ekimenez sortu zen, autolaguntza-talde izateko, eta aldarrikapen-izaera zuen, dialisi-tratamendua herrialde osora zabal zedin. Gaixotasun honetarako tratamendurik egokiena transplantea denez -eta horretarako beharrezkoa da emaileak izatea-, elkartea 'Erauzketa eta Transplantearen Legea' ezartzearen alde borrokatu zen. ALCER Araba aitzindaria izan zen dohaintzaren alde lan egitean.
Gaur egun, elkarteak giltzurruneko gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu nahi du, haien ongizate fisiko, sozial eta psikologikoan lagunduz, baita gaixotasunaren prebentzio eta detekzio goiztiarrean ere, horretarako beharrezkoak diren jarduera guztiak garatuz.
Alcer Arabak gizarte-laguntza ematen du eta hemodialisi-saioak kudeatzen ditu. Gizarte-langile batek, banakako eta/edo familiako elkarrizketa baten bidez, beharrak baloratzeko azterketa bat egingo du, giltzurruneko pazientea eta haren familia normalizatzen laguntzeko. Halaber, gizarte-langilea arduratzen da aldizkako hemodialisi-tratamendua egin behar duten pazienteen joan-etorriak izapidetzeaz.
Fundación Vital Fundazioaren lankidetza
ALCER Arabarekin dugun lankidetza 2001ean hasi zen, Vital Kutxako Gizarte Ekintzatik, gaixotasunaren berri zabaltzeko ekintzetarako eta emaileak erakartzeko kanpainarako laguntza eskatu zutenean.
Ordutik, eta jada Vital Fundazioa den aldetik, erakundeak Elkarteari laguntzen jarraitu du, urteroko hitzarmenak sinatuz, pazienteari eta haren familiari zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak ezagutarazi eta sustatzeko zenbait jarduera garatzeko eta gauzatzeko, betiere elkarte-dinamikan eta transplanterako organoak ematearen beharrari buruzko gizarte-mentalizazioan oinarrituta.